| 
  • If you are citizen of an European Union member nation, you may not use this service unless you are at least 16 years old.

  • You already know Dokkio is an AI-powered assistant to organize & manage your digital files & messages. Very soon, Dokkio will support Outlook as well as One Drive. Check it out today!

View
 

Blogak

This version was saved 16 years, 1 month ago View current version     Page history
Saved by PBworks
on February 6, 2008 at 5:43:19 pm
 

Web 2.0: blogak

 

Arratsalde on. Joan den egunean blog bana sortu zenuten, eta baita lehen mezua idatzi ere. Orduan azaldu nizkizuen blogen zenbait ezaugarri, baina orain azalduko dizuet, aprobetxaturik aurrekoan izan zenuten esperientzia, zer diren blogak, noiz sortu ziren eta zer ezaugarri dituzten, hori dena azalduta modu zabalagoan.

 

Blogak

Lehenengo eta behin, hasiko gara definizioarekin. Zer da bloga? "Bloga," "webloga" edo "bitakora" —hiru modu horietan deitzen zaie, nahiz eta euskaraz bloga nagusitu den—, bloga da webgune dinamiko bat, eta hor mezuak agertzen dira era kronologikoan antolatuta, berrienak goian, eta zaharragoak beherago.

 

Weblog hitza 1997an sortu zen, baina 1999rako blog hitza onartua zegoen. Azkenean hauxe nagusitu da herrialde gehienetan. Espainian, hala ere, bitácora moduan ere ezagutzen da. Badakizue itsasontzi gehienetan bitakora kaiera erabiltzen zela bertan idazteko zer gorabehera gertatzen ziren nabigatu bitartean. Hortik hartu da bitakora hitza sareko webgune hauek ere izendatzeko. Gaur egun milioika blog daude: 2007ko apirilean Sifryk 70 milioi blog zenbatu zituen. Hori bai, blog asko sortzen dira, baina horietako asko hilda daude, behin sortuta jendeak ez dituelako elikatzen. Hala ere, eta hau nahi dut zuei jakinarazi, blogak fenomeno sozial bihurtu dira, masa fenomenoa.

 

Blogen ezaugarriak

Goiko definizioan azaldu ditugu hainbat ezaugarri, baina gustatzen zait Mutilmediak nola sailkatzen dituen blogak:

  • Doakoak edo ordainpekoak. Blog gehienak doakoak dira, eta horretarako erabiltzen dira blog plataformak (Blogger, La Coctelera, Blogari.net edo Blogak.com, adibidez). Ordainpekoak ere izan daitezke, adibidez, TypePad plataformak egiten dituenak.
  • Libreak. Bakoitzak nahi duena esan ahal du bere blogean.
  • Kronologikoak. Gaur idatzitako mezua atzo idatzitakoaren gainean agertuko da.
  • Irekiak. Kasurik gehienetan, blogariak horrela erabakitzen badu, irakurleak aukera du erantzuteko. Eta beste irakurle batek azken horri erantzuteko, eta horrela, ad infinitum. Kasu horietan, ziber-elkarrizketa bat sortzen da, blogek eskaintzen duten ezaugarririk interesgarrienetako bat.
  • Kategoriatan sailkatua. Tag edo etiketak erabilita, artikulu bakoitza kategoria batean sar daiteke: musika, kultura edo teknologia, besteak beste. Horrek laguntzen du hor pilatzen doan informazioa antolatzen, eta, horri esker, askoz ere errazagoa da informazioa bilatzea.

 

Blogen elementuak

Blog batean argitaratzen den mezu bakoitzak horrelako elementuak izan ohi ditu:

  • Izenburua. Horrek ematen dio izena mezuari.
  • Testua. Hor dago mezuaren mamia. Loturez zipristindua joango da, seguruenik.
  • Erantzunak. Irakurleek utzitako iruzkinak.
  • Permalink. Lotura iraunkorra, eta erabiltzen da artikulu edo mezu hori aipatu nahi denean lotura batean.
  • Data. Adierazten du zein egunetan eta ordutan argitaratu den mezua.
  • Etiketak. Blog gehienek aukera dute, etiketak erabilita, edukiak mailakatzeko.
  • Trackback. Lotura bat da beste blog bati egina, eta erabiltzen da batean eta bestean gaia bera denean.

 

Blog motak

Perretxikoak moduan ugaldu dira blogak, baina denak ez dira berdinak, hainbat blog mota daude. Guk batzuk ekarriko ditugu sailkapen honetara:

  • Pertsonalak. Pertsona batek bere kontuak argitaratzen ditu, gertatuak, zaletasunak, hausnarketak, iritzi artikuluak… Kategoria horretan sartzen dira Harrikadak edo Patxitrapero, adibidez.
  • Taldekoak. Sustatu da horietako bat, jende askok parte hartzen baitu blog hori egiten. Baita Faka-Faka ere, non kontatzen baitira Elgetako lagun talde baten gorabeherak.
  • Enpresakoak. IBM barruan milaka langilek argitaratzen dute bloga. Baita Microsoften eta Googlen ere. Euskal Herrian aipatzekoa da Goiena.net-en sortzen ari diren blog komertzialak, batez ere merkatari txikiek sortuak.
  • Tematikoak. Gai baten inguruan egiten dira. Superbai da adibide ona, diseinua baita horko gai nagusia. Edo Prospektiba, zeinek gizartearen joerak aztertzen baititu. Baita Volgako Batelariak ere, non literatura den hizpide.
  • Fotoblogak. Blog horietan argazkiak dira edukirik garrantzitsuena. Aramaio eta Atauri dira horren adibide gure artean.
  • Blog komunitateak. Lagun artean edo inguru batean sortzen dira: Eibar.org da zaharrena, baina hor daude Goiena.net-en komunitatea eta Uztarria.com-ek sortua, adibidez, Zumaiakoarekin batera. Baita Berriak sortu duena, eta Dantzan.com webgunean sortutakoa, euskarazko batzuk baino ez aipatzearren.

!

Blogak munduan

Behin lehen urratsak eginda, blogintza lehertu egin zen Blogger plataforma agertu zenean. Doakoa zen, erabilerraza, eta erreminta ahaltsuak zituen blogak kudeatzeko. Hizkuntza askotan erabili da Blogger, baita euskaraz ere. Nik, adibidez, neure Faroa lehendabizi Bloggerren sortu nuen, nahiz eta gero Goiena.net-era pasatu nintzen, Goienak gonbidatu ninduenean bere blog komunitatean parte hartzera. Gizakom ere Blogger-en argitaratzen dugu. Guk bezala, beste batzuek Bloggerren eman dituzte lehen pausoak, nahiz eta euskaldunak, poliki-poliki pasatzen ari diren euskarazko plataformetara, besteak beste, ez galtzeko blogetan argitaratutakoaren kontrola, Luistxo Fernandezek garai batean azaldu zuen moduan.

 

Antzeko zerbait gertatu da blogintza gaztelaniara zabaldu denean ere. Euskarazko plataformak sortu aurretik, zenbait euskaldunek bloga egin zuten La Coctelera plataforman, bat aipatzearren.

 

Baina desbideratu egin gara apur bat. Blogger plataformarekin batera, sortu ziren beste batzuk, TypePad edo WordPress, esate baterako, eta blogintza sutautsa bezala zabaldu zen munduan barrena, eztanda izugarri batean.

 

Blogak euskaraz

Behingoz, bederen, euskarak garaiz harrapatu du blogintzaren trena. Eta hori zor zaio, neurri handi batean, eibartar talde bati, zeinek bultzatu baitu euskal blogosfera jaiotzatik beretik, Eibar.org taldetik lehendabizi, eta CodeSyntax enpresatik gero. Nire iritziz, unerik esanguratsuenak euskal blogintzan hauek izan dira:

  • Sustatu. Berau izan zen euskarazko lehen bloga. 2001ean plazaratu zen, urri aldera, CodeSyntax eta Goiena enpresek sortua. Laster bost urte egingo ditu, eta berau dugu, orain ere, blogik eraginkorrena euskal blogosferan. Sustatu, gainera, izan da eskola paregabea blogari askorentzat.
  • Blog pertsonalak. Jabi Zabalak sortu zuen lehen blog pertsonala, Sarean.com, eta gero etorri dira beste mordo bat.
  • Blog komunitateak. Gogoan izan blog komunitate bat dela blogari talde bat, eta biltzen dira erakunde baten aterpean, komunitate bat sortzeko. Kasu horietan, blogariek errespetatu behar izaten dituzte komunitatearen arauak. Eibar.org izan zen lehena blog komunitate bat sortzen, 2004ko uztailean sortu baitzen. Gero etorri zen Goiena.net, 2005eko otsailean. Eta atzetik, Azpeitikoa, Berria egunkariak sortua eta Zumaiakoa, besteak beste. Ahaztu barik, noski, bai EHUn eta baita Deustuko Unibertsitatean sortu diren blog taldeak, hainbat irakasleren inguruan. Blog komunitateak gune paregabeak izan dira euskal blogariak prestatzeko, baina banaka batzuk izan dira. Horiek ez dute blogintza masiboa bihurtu. Hori blog plataformen eskutik etorri da.
  • Blog plataformak. Aintzat hartu blog plataforma dela tresna bat, zeinaren bidez edonork sor dezakeen blog bat, hiru pauso emanda: ireki kontu bat, eman zure datuak eta aukeratu eredu bat. Blogger da ezagunena munduan, hainbat hizkuntzatan egokitua. Euskaraz lehena izan zen Blogari.net, Elurnet enpresak sortua 2005eko azaroan, eta horren inguruan blog mordoa sortu dira. Lau hilabete geroago, 2006ko martxoan, etorri zen Blogak.com, plataforma bat CodeSyntax enpresak sortua, eta horren bueltan ere blog asko sortzen ari dira. Batari eta besteari esker, gaur egun inoiz baino errazagoa da blog bat sortzea euskaraz: hiru urrats nahikoa dira blogeatzen hasteko. Horrelako plataformek ekarriko dute masifikazioa euskal blogintzan, edonork izan baitezake aukera, informatikaz ezer jakin gabe, blog bat sortzeko.
  • Zabaldu.com. Blog horrek argitaratzen ditu irakurleek sarean hobetsitako albisteak, euskaraz idatzitakoak. Digg eta Menéame.com izenekoek blogosfera anglofonoan eta hispanoan ekarritako berrikuntza ekarri du Zabaldu.com-ek euskal blogosferara. Arrasatear batek sortu zuen Zabaldu.com, Arkaitz Zubiaga, Mondragon Unibertsitateko ikasleak.

 

Blog kopurua euskaraz

2007ko uztailaren 9an 5.464 blog zeuden euskaraz. Horrela adierazi genuen Faroan: Ia sei urte igarota Sustatu lehen blog euskalduna sortu zela, 5.464 blog ditugu euskaraz. Jakina, blog horiek guztiak ez daude bizirik. Euskarazko blog horiei aplikatzen badiegu David Sifryk Technorattin erabiltzen duen neurria, blog horien %55 bakarrik leudeke bizirik, alegia, azken hiru hilabeteotan behin gutxienez zerbait argitaratu dutenak. Orduan esan beharko genuke 2007ko uztailaren 9an euskarazko blogak 3.005 direla, zelan edo halan bizirik daudenak.

 

Kopuru hauetara iristeko, arakatu ditugu hiru esparru: blog komunitateak, blog plataformak eta hortik zehar daudenak barreiatuta, beste plataformetan.

Blog komunitateak Blog kopurua
Eibar.org23
Goiena.net123
Uztarria.com23
Berria.info18
Baleike10
EHU500
Deustuko Unib.44
Jakintza Ikastola110
Aikor10
Larrabetzu10
Atxukale5
Gaur85
GUZTIRA876
Blog plataformak Blog kopurua
Blogari.net2.435
Blogak.com1.200
Mundua.com250
Nireblog588
Mahatsorriak15
GUZTIRA4.488

 

Kopuru horiei beste 100 gehitu zizkien Aranzabalek, hortik zehar, beste plataformetan dabiltzan euskal blogariak kontuan hartzeko. Horrela iritsi gara hasieran emandako datura: 5.464 blog. Hala ere, kontuan izan kopuru horri beroarenak kendu behar zaizkiola, Sifryk proposatutako bidetik, eta orduan geratuko garela 3.005 bat blogekin, zelan edo halan euskaraz ari direnak.

 

Kopuru esanguratsuak dira, inondik ere. Anjel Lertxundiren hitzetan: “historian zehar noiz jardun du hainbeste jendek euskaraz idazten?”. Jabi Zabalak beste modu honetan adierazi du kopuruok eragindako harridura: “nork esango zigun duela lau urte egun hainbeste euskaldun blogari izango ginenik!”.

 

Blogak, gure zortzigarren probintzia

Kasu egiten badiogu Anjel Lertxundiri —artikulu zoragarri bat idatzi zuen Hitz beste bere blogean, non aldarrikatzen baitzuen Internet euskararen zortzigarren probintziatzat, eta haren haritik tiraka egingo dugu orain— blogak sekulako eragina izaten ari dira euskal kulturan, nahiz eta askotan konturatu ere ez garen egiten, fenomeno berria delako oraindik. Egunero ehun-berrehun artikulu agertzen dira euskaraz blogetan, eta hor jorratzen dira hedabideetan agertzen ez diren gai asko, beti ere estilo eta tratamendu ugarirekin eta euskara libreagoan. Blogak erosoak dira, merkeak eta malguak, idazkuntza azpimarratzen dute ekintza printzipaltzat (jendea astintzen ari da idazteko orduan sentitu ohi duen beldur eszenikoa), eta laster ekar dezakete literatura aldizkari ponpoxoen desagertzea. Blogek bozgorailua ematen diete ahots askori, feedback zoragarria eskaintzen dute. Modu egokia eskaintzen dute, bestalde, Anaia nagusia salatzeko eta geure kultura defendatzeko, baita ihes egiteko geure arteko zentsura hertsiari. Blogen ondorioz, azkenik, aldatzen ari da gure idazteko modua eta idazlea izendatzeko pertzeptzioa (idazlea paperean idazten duena da bakarrik?).

 

Herri kazetaritza eta blogak

Bloga duten guztiak kazetari izan daitezke, horra blogaren beste ezaugarri bat. 2007ko uztailaren hondarrean New Yorken zerbait arraro gertatu zen Manhattan auzoan: lurrun tutu bat hautsi zen, eta, ondorioz, izu-ikara zabaldu inguruan zebiltzan kaletarren artean. 2001eko irailaren 11ko atentatua gogoan, askok uste izan zuten hori ere beste atentatu bat zela. Egun haietan, Jakintza ikastolako ikasle talde bat hantxe zebilen eta, euretariko bat, Eñaut Agirrek, gertatutakoaren eta han bizi izandakoaren berri eman zuen bere blogean, Mendizale baten bloga, euskaraz.

 

Hilabete geroago, Gorka Quevedo kazetari zumarragarra Palestinara joan zen, eta han bizi izandakoarekin kronikak egiten hasi zen Berria egunkariaren blog batean: Palestina, brigadista baten lekukotasuna. Edozein izan daiteke kazetari, Eñautek eta Gorkak, eta beste askok beste hizkuntza batzuetan, erakutsi duten bezala.

 

Azken joera: guneak

Azken aldiotan, blog plataformak herritartu diren neurrian, gazteak eta nerabeak sartzen ari dira blogosferan trumilka, eta horretarako erabiltzen ari dira batez ere gune bereziak, komunitate moduko guneak, non gazteek, blogekin batera, eskura dituzten orain arte maizen erabilitako programa gehienak, hala nola, Messenger, Hotmail, etab. Bi plataforma nabaritzen ari dira era horretara: MSN Spaces, Microsoft enpresarena, eta Myspace, Rupert Murdoch enpresa gizonak erosi berria. Hortxe dituzue, probatu nahi badituzue, behintzat.

 

Bloga, ardatz

Eta, gaurkoz, hemen bukatuko dugu alde teorikoa. Hemendik aurrera bloga izango dugu ardatza ikastaro honetan. Izan ere, hortxe idatziko dituzue zuen hausnarketak, oharrak eta mezuak. Halaber, blogean erabiliko ditugu argazkiak, pokastinak eta bideoak.

 

Zabaldu mezua

Baina ez gara hor geratuko. Amaitzeko, gonbidatu nahi zaituztet zuen esperientziak partekatzera zuen inguruko lagunekin eta taldeekin. Horiei guztiei erakutsi nola sortzen den blog bat euskaraz, eta horretarako baliatu hemen ikasitakoa. Erakutsi neba-arrebei, gurasoei, lagunei, dantza taldeari, musika lagunei, gaztetxekoei… Zabaldu berri ona zuen inguruan. Eskerrik asko.

Comments (0)

You don't have permission to comment on this page.