Bloglines


Hazkunde ikusgarria

Blogak ugaltzen ari dira perretxikoak bezain bizkor, edo bizkorrago. Orain dela gutxi, Technoratik, sarean dagoen blog bilatzailerik ezagunenak, Technoratik zenbatu zituen 70 milioi blog, baina kontua da bost hilabetez behin blog kopurua bikoiztu egiten dela. Horrek esan nahi du blogosfera bost aldiz bikoiztu dela azken hiru urteotan. Edo beste modu batean esanda, blogosfera da, gaur egun, 30 aldiz handiagoa orain hiru urte baino. Kontuan hartuta blogak 1999an sortu zirela masa fenomeno moduan, Blogger eta Pitas plataformak agertu zirenean, berauetan erraz eta doan egin baitzitekeen blog bat, hazkunde hori ikusgarria da.

 

Beste horrenbeste gertatzen ari da euskal blogosferan, batez ere Blogari.net, Blogak.com eta Mundua.com plataformak sortu direnetik, nahiz eta gure artean hazkundea ez den hain ikusgarria. 2007ko uztailean 5.464 blog zeuden euskaraz, horietatik 3.000 inguru bizirik, hau da, gutxienez hiru hilabetez behin elikatzen direnak.

 

Informazio gainkarga

Hazkunde horrek eragin lezake, eta eragiten du, informazio pozoinketa bat, edo sarean izendatzen zaion moduan, informazio gainkarga, hartzailea ez delako gai informazio desmasia hori ulertu eta bereganatzeko. Betekada ere erabil genezake pozoinketa modu hori ere izendatzeko. Zenbait adituren iritziz, Cornellá kasu, tresna berriak behar ditugu, lagunduko digutenak kudeatzen informazio olde hori eta saihesten informazio desmasiak gugan eragiten duen larrimina.

 

Informazio batzaileak

Testuinguru horretan sortu ziren lehen informazio batzaileak. Batzaile batek biltzen ditu albisteen izenburuak edo historiak RSS edo Atom formatuan eskainiak, eta horrela irakurleak ez du zertan kontsultatu banan-banan orrialde bakoitzak eskaintzen dituen berriak. Batzaileak zentralizatu egiten du informazio guztia kontsulta leku bakar batean. Informazio batzaileetan erabiliena Bloglines da. Euskaraz, berriz, Aurki.com dugu horietako bat, nahiz eta beste ezaugarri batzuk ere badituen.

 

Bloglines

Mark Fletcher-ek sortu zuen 2003an, eta bi urte geroago saldu egin zion Ask Jeeves enpresari. Doakoa da eta erabiltzen da albisteak sortu, partekatu eta berauetara harpidetzeko edo, horrela nahi izanez gero, baita blogak sortzeko ere. Plazaratu eta berehala, arrakasta izugarria izan zuen.

 

Bloglinesek hainbat aukera eskaintzen digu:

 

Beste modu bat irakurtzeko

Bloglines zerbitzuari esker, beste modu batean irakurri ahal dugu sarean. Goizeko lehen orduan pizten dugunean ordenagailua, Bloglines aukeratu eta hortxe ditugu geuk aukeratutako informazio iturri guztiak, karpetatan antolatuta.

 

Egunaren hasieran begiratzen badugu Bloglines, egunaren bukaeran ere beste begirada bat egin ahal diogu. Orduan leitzeko aukera izango dugu goizetik irakurri gabe ditugun albisteak.